ERAIKINETAKO MANTENTZE-LANAK, ERRENTAGARRITASUNA ZIURTATUA DUEN INBERTSIOA
Eraikinen jabeek egunetik egunera gero eta garrantzi handiagoa ematen diote eraikinean prebentzioko mantentze-lanak egiteari, gabeziak garaiz detektatzeko eta arazo larriagorik ez eragiteko; izan ere, epe luzera, gabezia horiek konpontzeko dirutza handia ordaindu behar izaten baita.
Prebentzioko mantentzeari esker, urtean inbertsio txiki bat eginez diru asko aurrez daiteke, denboraren poderioz sortzen diren gabeziak garaiz detektatzen direlako; bestela, gabezia horiek konpontzeko gastua askoz handiagoa izango litzateke.
Eraikinetan gaur egun izaten diren istripuetako asko ez lirateke gertatuko eraikinetan prebentzioko mantentzea egingo balitz.
Higiezin baten jabe garenean honako galdera hauek egiten dizkiogu geure buruari:
Noiz egin behar da eraikinaren prebentzioko mantentzea?
Zenbateko maiztasunarekin egin behar dira mantentze-lanak?
Zer aztertu behar da?
Higiezin batek 50 urte baino gehiago dituenean derrigorrezko ikuskapen tekniko bat egin behar izaten zaio; eta lehenengo ikuskapena egiten denetik hasita, 10 urtean behin egin behar da berriro. Dena den, eraikin baten prebentzioko mantentzea hasiera-hasieratik egitea komeni da.
Gaur egun, eraiki berriak diren eraikinetan Eraikinaren Liburua entregatzea derrigorrezkoa da; liburu horretan, bestak beste, eraikinaren erabilerarako eta mantentze-lanetarako jarraibide orokorrak eta bereziak ematen dira: okupaziorako jarduketak, erabiltzeko gomendioak, mantentze-lanetarako jarraibideak, arriskuen prebentziorako eta segurtasunerako jarraibideak, aparatu eta ekipoei buruzko informazioa…
Eraikinak ez badu libururik edo liburu hori ez badago eguneratuta ez direlako bete liburuan zehaztutako mantentze-lanetako jarraibideak, hasierako ikuskapena egin behar da; hasierako ikuskapen horretan eraikinaren zatiak eta instalazioak identifikatzen dira eta bakoitza zein egoeratan dagoen zehazten da. Informazio horrekin, zer elementu ikuskatu behar diren eta elementu bakoitzaren ikuskapena zenbateko maiztasunarekin egin behar den zehazten da.